XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Konintxi untxitxoa Konintxi untxitxo bat zen.

Untxitxo polit bat.

Ez dakit zer zuen eguerdi hartan.

Pipa gehiegi jan zituela eskolan edo... baina amak mahaira lentejak atera zizkionean, ezetz; ez zituela lenteja haiek jango!.

- Gaur ere ibiliko zinen zikinkeriak eta litxarrekeriak jaten, esan zion amak.

Konintxik, muturrak luze luze jarri eta ez zituela lentejak probatuko.

- Gaur ere izango zenuten zerbait eskola horretan.

Norbaiten urtebetetzea edo auskalo zer! Baina Konintxi berean.

- Hobe duzu lenteja hoiek jatea aita etorri baino lehenago,- esan zion amak, baina paretari hitzegingo balio bezala.

Konintxik ez zituela lenteja haiek jango.

- Beno. Nahiko da. Buruko tximetaraino egin nauzu.

Hor dator aita eta berarekin konpondu zaite.

- Zer gertatzen da hemen?- Galdetu zuen aitak.

- Ba... lentejak bero-bero daudela.

- Lentejek gatza gehiegi dutela.

- Tripako minez dagoela.

- Zer istilu asmatu ez dizkit mukitsu honek.

- A, bai, e? Aita ernegaturik zetorren lantokitik, txantxetarako gogo haundirik gabe, eta honela hitzegin zion Konintxi untxitxoari.

- Ba... mahaian jaten ez dakianak eskailera mailetan jaten ikas dezala.

- Hartu platera eta eskaileretara!.

Eta esanda bezala.

Atea ireki eta itxitzerakoan danbada bat emanaz, han utzi zuen zaputzetan, aurrean lenteja platera zuelarik.

- Askari garaian lentejak, afarian lentejak, gosaritan lentejak, eta lentejak jaten ikasi arte lentejak eta lentejak!.

Eta horra orain untxitxo zapuzti baten kontuak! Lehengo lentejak beroak bazeuden, oraingoan ezin halako aitzakirik jarri.

Kurkumix Konintxiren ikaslaguna zen, eta goiko etxebizitzan bizi zen.

Ondo bazkaldu eta gero kalera zihoan, eta hara non topo egiten duen Konintxirekin, eskaileretan eta zigorturik.

- Zer egiten duk, Konintxi? - Bistan zegok.

- Lenteja gogor hauek ezin dizkiat eztarriko zulotik pasa.

- Eta zer? Dena jan arte zigortuta? - Horixe! - Goazen jolastera!.

Zer egin? Lentejak jan ala kalera ihes? Eztabaida larria edozeinentzat, eta batez ere Konintxi bihurriarentzat!.

Ez dakizutela zer egin zuen? Bai? Ba... horixe bera: lentejak utzi eta ospa kalera! Bi laguntxoak nahiko jolastu ziren eta nahi baino lehen heldu zitzaien eskolara joateko ordua.

Han zegoen Julianen urbanoa, udaletxe aurreko enparantzan, ikasle txikiz beterik.